2009/10/04

7.- Energia eolikoa

Zer da energia eolikoa?


Definizioa

Energia eolikoa haizea erabiliz lortzen den energia da, hau da, aire korronteek sortutako energia zinetikoa erabiliz.
Haize-energiaren erabilera oso sinplea da. Eguzkiak Lurra berotzen du, baina lurrazalaren forma irregularren eraginez, tenperatura desberdineko aire-masak sortzen dira, hots, dentsitate eta presio desberdinekoak. Desberdintasun horiek alde baterako eta besterako korronte horizontalak sortzen dituzte, hots haizea sortzen dute. Eta haize horren abiadurak (energia zinetikoa) higiaraziko ditu bere bidean jarritako errotaren palak.

Energia eolikoa guztiz berriztagarria da, eta, ondorioz, agortezina.Erregai fosilen ordezko energia da; ez du erregai fosilik erabiltzen edota erretzen, eta ez du, hortaz, gai kutsatzailerik sortzen ezta berotegi-efektua indartzen, ezta ozono-geruza txikiagotzen ere. Eta ez da ur zikinik ez hondakinik isurtzen.
Azken urteotako garapenari esker, esan dezakegu gaur egun dagoeneko teknologia heldua dela, eta prest dago beste energien errentagarritasunarekin lehiatzeko.
Energia-iturri merkea da eta beste energia-iturriekin lehiatzeko gai da. Batez ere, ingurumenari eragindako kalteak desagerrarazteko kostuak kontutan hartzen baditugu.

Desabantailei dagokienez, airea pisu espezifiko txikiko fluidoa denez, sorgailu eolikoek handiak izan behar dute. Parke eolikoak haizeak indartsu eta ahalik eta jarraituen jotzen duen lekuetan kokatuta egon behar dute eta, sarri askotan, mendi-muinoetan jartzen dira. Hortaz, eragin handia dute paisaian.Bideak egin behar dira mendi-muinoetara, eta haize-errotak jartzeko ere lan-mugimendu handiak egin behar izaten dira.Sorgailu eolikoen artean 'pasabideak' uzten diren arren, ingurutik pasatzen diren hegaztiak besoekin jo eta hiltzeko arrisku handia dago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario